XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berehala gaixoarengana eraman ninduten.

Aspaldian, bizkar aldean, geziz zauritu zuten eta bihotz ondoan geraturiko gezi puntak min itzela ematen omen zion.

Kontu haundiz haztatu nuen gezi punta erkainetan sentituz.

Ganibeta trebeki erabiltzen, bularrean ebakidura sakona egin nion orein gezurrezko gezi punta atera ahal izateko.

Kanporatu ahala zauria larruz estaltzen aritu nintzen odolustu ez zedin.

Azkenik, odol jarioa gelditutakoan, beste indiarrek gezi punta eskatu zidaten, eta herri osoa gerturatu zen ikusteko; eta jarraian, beste lekuetara eraman zuten hango biztanleek mirariaren berri izan zezaten, eta pozarren ospatzeko dantzak eta festa egiten hasi ziren.

Berria zabaldu zenean, zerutik etorrita eta Iguzkiaren semea nintzela zioten, eta gai horretaz galdeturik, keiñuen bitartez zeruan Iainkoa deitzen diogun gizon bat bizi dela anitzetan esan diet, zeru-lurren sortzailea; eta kristauok Aita prestu ohorezkotzat daukagula eta berak agindutakoa zintzoki betetzen dugula; eta bere eskutik gauza on guztiak datozkigula; eta beraiek ere horrelaxe eginik, zoriontsuagoak izango direla.

Esandakoa arretaz entzuten zuten, eta elkarri ongi ulertzeko hizkuntza egokia edo berbera izan bagenu, bertan kristau bihurtuko ziratekeen.

Hargatik beragatik jaun dontsua uste dut, jende prestu eta kristau adituek beraien hizkuntza ederki ikasiz gero, errazki kristau bihur ditzaketela.

Eta Espaiñiako Erregek halaxe agintzea espero dut, Eliza Katolika Sainduaren izenean herri fedegabe hauek bereganatzeko, (...).